SELEKZIOEN 2013ko EUROPAKO XAKE TXAPELKETAK.

(2013ko azaroaren 8tik 17ra, Varsovian).

 

 

 

SELEKZIOEN EUROPAKO XIX. XAKE TXAPELKETA IREKIA.

 

 

 

            Parte hartzaileak: 38 selekzio.

 

         AZERBAIJAN, SELEKZIO TXAPELDUNA: PALMARESEAN ERRUSIARI ITZALA EGITEN.

 

Shakhriyar Mamedyarov (2.757) (28 urte, 2013an) – 8 partidatan 4’5 puntu (% 56’25).

Teimour Radjabov (2.715) (26 urte, 2013an) – 8 partidatan 4’5 puntu (% 56’25).

Eltaj Safarli (2.653) (21 urte, 2013an) – 6 partidatan 2’5 puntu (% 41’67).

Rauf Mamedov (2.647) (25 urte, 2013an) – 8 partidatan 5’5 puntu (% 68’75).

Gadir Guseinov (2.607) (27 urte, 2013an) – 6 partidatan 4 puntu (% 66’67).

 

 

Shakhriyar Mamedyarov.

 

 

Teimour Radjabov.

 

 

Eltaj Safarli.

 

 

Rauf Mamedov.

 

 

Gadir Guseinov.

 

 

 

 

Azerbaijan seigarren zerrendaburua zen, bataz besteko eloko 2.693 puntuz. Lehenengo bost selekzio zerrendaburuetatik hiru saihestu zituen: Errusia, Ukrania eta Ingalaterra. Horrek lagundu zion arrakastan.

 

            Suedia eta Hungariaren aurka lehenengo eta laugarren txandetan huts egin zuen, 2-2ko berdinketekin. Hala ere, ondo kokatuta iritsi zen txapelketaren azkeneko tartera: Sei jardunalditan 10 puntu. Hiru garaipen ozta-ozta lortu zituen: 2’5-1’5 Bulgaria, Polonia eta Txekiaren aurka. Georgiari lasaiago irabazi zion: 3-1.

 

            Zazpigarren txandan Frantzia bigarren zerrendaburua egokitu zitzaion. Berdinketa izan zen emaitza.

 

            Zortzigarren txandan, Greziaren aurka, berriz garaipen estua: 2’5-1’5.

 

            Azkeneko txandaren hasieran, Frantziarekin berdinduta zegoen sailkapenean. Armenia puntu batera zuen eta Errusia bi puntura.

 

            Armenia bigarren zerrendaburuaren aurkako duelu zuzena zuen. Berdinketa garrantzitsua eskuratu zuen (halaxe izan zen emaitza lau mahaietan), baina Frantziak Errusiaren aurka jasandako porrota behar izan zuen txapeldun geratzeko.

 

            Azerbaijango jokalarien zenbakiak ez ziren ikusgarriak izan, baina etekin handia atera zioten puntu bakoitzari. Selekzio handiei irabazi gabe bereganatu zuen Europako bere bigarren titulua.

 

            Hain zuzen ere, Serbiako Novi Sad hirian lortu zuen bere lehenengoa 2009. urtean. Horrela, palmareseko bigarren tokia arriskuan jarri dio Errusiari.

 

         FRANTZIA, SELEKZIO TXAPELDUNORDEA: AURREKO EDIZIOKO PORROTA GARBITU ZUEN.

 

Etienne Bacrot (2.749) – 8 partidatan 3’5 puntu (% 43’75).

Maxime Vachier-Lagrave (2.742) – 9 partidatan 5’5 puntu (% 61’11).

Romain Edouard (2.653) – 8 partidatan 5 puntu (% 62’50).

Vladislav Tkachiev (2.6376) – 8 partidatan 5 puntu (% 62’50).

Hicham Hamdouchi (2.627) – 3 partidatan 1’5 puntu (% 50).

 

            2.695eko bataz besteko eloarekin, Frantzia hirugarren zerrendaburu gisa hasi zen, bigarren postuan amaitzeko. Horrela, Greziako Porto Carras hirian 2011n izandako porrot handia garbitu zuen. Orduan, 19. tokian bukatu zuen, seigarren zerrendaburua izanik.

 

            Hala ere, Vladislav Tkachievi gogoan ongi iltzatuta geratuko zaio Dmitry Andreikin errusiarraren aurka azkeneko txandan galdutako partida. Irabazi izan balu Frantzia lehenengo aldiz agertuko zen palmaresean.

 

            Azerbaijanek bezala, Frantziak ongi banatu zituen puntuak, nagusitasun handirik gabe goian mantentzeko.

 

            Seigarren txandan bukatuta, 11 puntu zituen. Hungaria izan zen berdinketa egin zion selekzio bakarra.

 

            Azkeneko hiru txandetan erraldoiak izan zituen aurrez aurre. Azerbaijanekin berdindu zuen: 2-2. Armeniarekin ere bai: 2-2. Errusiarekin, ordea, porrot: 2’5-1’5. Neurketa eta txapelketa batera galdu zituen.

 

            Frantziaren egutegia ez zen samurra izan, Azerbaijan, Armenia, Errusia eta Ukrania bidean topatu zituelako. Ukraniaren kontra, hirugarren txandan, garaipenik erosoena eskuratu zuen: 3-1.

 

         ERRUSIA, HIRUGARREN SAILKATUTAKO SELEKZIOA: BERRIZ ERE TITULURIK GABE.

 

Alexander Grischuk (2.785) – 8 partidatan 4’5 puntu (% 56’25).

Peter Svidler (2.752) – 9 partidatan 6’5 puntu (% 72’22).

Dmitry Andrekin (2.710) – 7 partidatan 4’5 puntu (% 64’29).

Alexander Morozevich (2.727) – 6 partidatan 3’5 puntu (% 58’33).

Evgeny Tomashevsky (2.722) – 6 partidatan 3’5 puntu (% 58’33).

 

            Errusiari kostatzen zaio bere patua saihestea. Sobietar Batasunaren oinordekotza jaso omen zuen, baina ez da gauza bera, behin eta berriz egiaztatzen denez.

 

            Bataz besteko eloko 2.747 puntuz, faborito nagusia zen, ohikoa izan denez. Hala ere, brontzezko dominarekin etsi behar izan zuen. Okerragoa izan zen XVIII. Txapelketan. Orduan bosgarren amaitu zuen.

 

            Azkeneko bost txapelketetan behin bakarrik nagusitu da eta Herbehereak, Alemania eta Azerbaijan (bi aldiz) ikusi behar izan ditu podiumeko koskarik gorenean.

 

            Turkiaren aurka galdu zuen bigarren txandan: 2’5-1’5. 18. zerrendaburuaren aurka galtzea lasta handia izan zen. Hurrengo txandan bosgarren zerrendaburua (Ingalaterra) topatu zuen. Berdinketa izan zen emaitza.

 

            Seigarren txanda jokatuta, 9 puntu zituen Errusiak. Orduan, Armeniaren aurka aukera guztiak galdu zituen, 2’5-1’5 nagusitu baitziren armeniarrak.

 

            Herbehereak eta Frantzia garaituta (2’5-1’5), hirugarren postua eskuratu zuen Errusiak. Bide batez, Frantziari titulurako bidea itxi zion.

 

            Palmareseko bigarren tokian mantentzen da, 3 titulurekin, oraindik Sobietar Batasunaren markatik urruti (9 aldiz irabazi zuen). Azerbaijan atzetik bultzaka dauka (2 titulu), Herbehereekin batera.

 

            Azerbaijanek baino egutegi zailagoa egokitu zitzaion: Ingalaterra, Armenia eta Frantzia aurrez aurre izan zituen. Dena den, Turkiaren aurkako neurketa izan zen erabakigarria.

 

         ALEMANIA AURREKO TXAPELDUNA, HOGEIGARREN.

 

Arkadij Naiditsch (2.727) – 7 partidatan 5’5 puntu (% 78’57).

Georg Meier (2.623) – 8 partidatan 4 puntu (% 50).

Igor Khenkin (2.612) – 6 partidatan 2’5 puntu (% 41’67).

David Baramidze (2.614) – 7 partidatan 3 puntu (% 42’86).

Daniel Fridman (2.600) – 8 partidatan 3 puntu (% 37’50).

 

            Alemania Greziako Porto Carras hirian titulua eskuratu zuen 2011n, ustekabean. Varsovian, ordea, orduko bilakaeraren arrastorik ez zuen ageri.

 

            Hiru garaipen, hiru berdinketa eta hiru porrot izan zituen Alemaniak. Georgia (2’5-1’5), Ingalaterra (2’5-1’5) eta Turkia (3’5-0’5) izan ziren bere borreroak. Polonia, Espaρa eta Polonia Futures izan ziren berdinketa egin ziotenak.

 

            Bosgarren txandaren ondoren, 4 puntu soilik zituen eta garbi zegoen titulua ez zuela berrituko.

 

            Azkenean, 9 puntuz, hogeigarren tokian bukatu zuen.

 

         GAINONTZEKO SELEKZIOEN LANAREN AZTERKETA.

 

            Armenia: Bigarren zerrendaburua dominarik gabe geratu zen, laugarren tokian. Hala ere, titulurako borrokan egon zen azken momentura arte.

 

            Hungaria: Hirugarren izan zen 2011n, baina dominarik gabe amaitu zuen Varsovian. Hala ere, bosgarren postu ona lortu zuen, zazpigarren zerrendaburua baitzen.

 

            Georgia eta Grezia: Nolabaiteko ustekabea eman zuten, seigarren eta zazpigarren geratuta. Hasieran, 14. eta 15. zeuden ranking-ean.

 

            Ukrania eta Ingalaterra: Faborito moduan irten ziren (4. eta 5. tokian), baina txapelketa amaiera kaskarra eginda 8. eta 9. postuetan bukatu zuten.

           

            2013-11-17.

 

                Iturria: FIDEren webgunea.